Koska Irratia Uribe Kosta osorako (Lemoizetik-Erandiora) irrati askea da. 2000. urtean gazte talde batek sortu zuen Koska, eskualdean euskarazko komunikazioan zegoen gabezia ikusita. Kontrainformazioa lantzea, eskualdeko informazioa jorratzea eta irratia herriari eta herri mugimenduan diharduten kolektibo ezberdinei hurbiltzea izan ziren baita ere hasierako helburuetako batzuk.
Getxoko Algorta auzoko Sarrikobaso kaleko lokal txiki batean, baliabide gutxirekin emititzen hasi zen irratia. Baina, gaur egun, Algortako Amezti kalean dugu estudioa eta kalitatezko emisioak egiteko baliabide guztiak ditugu: bi antena, transformadorea, ordenagailuak (estudioan, kontrol gelan eta erredakzio gelan), soinu-mahaia… Horrez gain, orain dela urte batzuk, www.koskairratia.com web gunea jarri genuen martxan, irratian landutako edukien osagarri izateko eta komunikazio tendentzia berriei heltzeko.
Hamar urte horietan, Uribe Kosta osoko gizon-emakumeak pasa dira irratiko mikrofonoetatik, kolektibo baten izenean (Gazte Asanbladak, Emakume elkarteak…), zein maila pertsonalean euren irratsaioa egiteko. Irratsaio hauek, izaera ezberdina izan dute eta gai ezberdinak jorratu dituzte: musika (rock, reggae, folk…), gazte mugimendua, internazionalismoa, humorea, Euskal Herriak pairatzen duen errepresioa, euskal mitologia, literatura, ikasle mugimendua, albisteak… Irratiak ekarpen puntualak egin dituzten hainbat lagunen parte hartzea izan du ere bai: eskualdeko eskoletako umeak, zine adituak… Guztion artean irrati zabal eta herrikoi bat egiten saiatu gara
Izaera
Koska irratia, Euskal Herriko errealitatea, eta zehazki Uribe Kostako egoera eta egunerokotasuna islatzen saiatzen den irratia eta komunikabide alternatiboa da.
Komunikabide izaera eduki arren, ekintzak antolatzen ditu herriari begira (jaietan parte hartuz, hitzaldiak antolatuz, ekitaldi bereziei kobertura emanez, etab…).
Koska Irratiak euskaldun, euskaltzale eta herrikoi bezala definitzen du bere burua. Euskara beti izango da erreferente eta lehentasun gure irratsaioetan eta ezinbestekotzat jotzen dugu gutxiengo batzuk euskaraz egitea: kuñak, sarrera-agurrak, atalen bat… Herrikoia dela esaten dugu, izan ere, herri mugimenduan lan egiten duten kolektibo eta banako ezberdinek egiten dugu irratia eta herritarrak beraiek izango dira kalitatezko informazioa emateko erabiliko dugun iturri nagusia. Koska Kultur Kolektiboa internazionalista da eta Euskal Herrian zein mundu zabalean, ahotsik ez duten jende eta kolektiboek beti izango dute tokia honetan.
Informatzeaz gain, Koska Irratiak esparru eta gai ezberdinak jorratuko dituen kalitatezko programazioa eskaintzen saiatuko da; horren helburua, euskal kulturaren eta gizarte arazoen inguruko ikuspegi bat baino gehiago lantzea izango da. Komunikabide handietan zein “ofizialetan” lekurik ez daukaten herritar eta kolektiboek izango dute lekua Koska Irratian, zuzenean parte hartzeko zein haren bidez, euren ikuspegia eta informazioa zabaltzeko. “Ahotsik gabekoen ahotsa” izan gura dugu.
Koska Irratia Arrosa, Euskal Herriko Irrati sarearen partaide da eta beraz, harek antolatzen dituen ekimenetan parte hartu eta hura osatzen duten irratiekin elkarlanean lan egingo du beti.
Koska Irratia osatzen dugun partaideok, errespetuz lan egingo dugu, geure kideen zein kanpotik datozen iritziak entzunez eta horiek kontuan hartuz. Gainera, irratiarekiko konpromisoa ezinbestekoa da; horrek, norberak daukan eginkizuna bete, beharrezkoa denean lan egiteko prest egon eta irratiaren alde borrokatzea suposatuko du. Ez zaizkie partaideei onartuko irratiaren izaerarekin bat ez datozen jarrerak, besteak beste, jarrera sexitak, xenofoboak eta homofoboak.
